”Picasso-Gernika 70. urteurrena”
Aurten, 2007. urtean, Gernikako bonbardaketa tragikoaren 70. urteurrena dugu eta baita Picassoren Guernica famatua pintatzearen urteurrena ere. Horren kariaz, Gernika-Lumoko Udalak, Gernikako Bakearen Museoa eta Reina Sofia Artegunea Museo Nazionala lagun dituela, erakusketa aparta antolatu du, zeinean 23 zirriborro eta Ama, haur hilari deutsola olioa ikusgai jartzen zaizkigun, aukera izan dezagun Gernikatik Guernicara bitarteko sortze prozesu osoa ikusteko, Euskal Herriko hiri txiki honetan gertatutako tragedia hura mundu osorako mito bihurtu zuena.
Espainiako Gerra Zibila gorienean ari zela, Errepublikako Gobernuak erabaki zuen 1937ko maiatzean Parisen zabalduko zen Nazioarteko Erakusketan parte hartzea. Asmoa zen Europan ezin geldituz goraka zihoan faszismoaren kontra alarma jotzea.
Hori helburu, pentsatu zuten beharrezkoa zela Picassok, orduko artistarik entzutetsuenak, horma-irudi handi bat itxuratzeko laguntza ematea. Pintoreak baiezkoa eman zuen baina denbora askoan geldirik egon zen, ezer hasteko gauza ez zela.
1937ko apirilaren 26a pasatuta, Picassok izuturik irakurri zituen Frantziako prentsan Gernikako bonbardaketa tragikoaren gainean agertzen ziren berriak, eta azkenik, maiatzaren 1ean, heriosuharrean hasi zen lanean Nazioarteko Erakusketarako enkargu hartan.
Lehenbiziko hamar egunetan Picassok su ta gar egin zion zirriborroak eta estudioak egiteari. 1937ko maiatzaren 11a arte ez zen hasi horiek oihalera aldatzen. Denbora hartan hogeita bat marrazki eta pintura egin zituen, irudien osaera eta banaketaren inguruan. Horma-irudi handia sortzeko prozesu liluragarria hasita, bada, Picassok hainbat zirriborrorekin esperimentatzen segitu, eta beste hogeita lau zirriborro itxuratu zituen. Haietako bakotza bere buruz ere benetako arte lana da. Guernica itxuratzeko prozesua, beraz, abentura zoragarria izan zen, hain denbora laburrean egin bazen ere.
zuzendaritza@bakearenmuseoagernika.eus