LEGIONARIOAK: Mussoliniren Italiarrak Espainiako gerratean (1936-1939)
Gerra zibila legionario baten argazki-kameraren bidez
1937ko otsailaren 11n, Guglielmo Sandri Espainiara iritsi zen Corpo Truppe Volontarieren (CTV) Littorio dibisioaren teniente bezala. 1939ko maiatzera arte geratu zen Penintsulan, eta denbora horretan italiar faxistek matxinada militarraren alde gauzatutako ekintza militar gehienetan parte hartu zuen.
Bere argazkiei esker, legionarioek Espainian egindako ibilbide luzea ezagutu ahal izan dugu, mapa geografiko batetik ibiliko bagina bezala: itsasontziz iristeko unea, Guadalajaran izandako porrot latza, iparraldeko kanpaina, Burgos, Donostia eta Santanderrera sartuz, Aragoi eta arku mediterraneoko kanpainak, Ebroko bataila erabakigarria, Bartzelonaren konkista eta, azkenik, etxerako itzulera eta garaile bezala Napolira iristeko unea.
Guglielmo Sandriren argitaratu gabeko argazki-funtsetik aukeratutako irudiak, erakusketa honetan aurkeztuak, egunkari grafiko bat dira eta bi erregimen faxisten arteko lankidetzaren lekukotasuna ematen dute, inoiz ere onartu nahi izan den baino jendetsuagoa izandako interbentzio militar baten lekukotasuna ere emanez.
Argazkiek gerra zibila erakusten dute Mussoliniren legionario baten argazki-kameraren bitartez, eta gure oroimen kolektiboaren ondare dokumental baliagarri eta preziatu bilakatu dira.
Wilhelm Schrefler / Guglielmo Sandri (1905-1979)
Wilhelm Schrefler Merano/Meranen jaio zen, 1905ean, Adige Garaia/Hego Tirol eskualdean, ingurune hori inperio austrohungariarraren mende zegoenean. Adige Garaia/Hego Tirolen, gutxiengo alemana bizi zen garai hartan; gero, inperio austrohungariarraren porrot eta deuseztapenaren ostean, Lehenengo Mundu Gerraren amaieran, Italiako erresumari atxiki zitzaion eskualdea.
Umezurtza izan zen txikitatik, eta hainbat urte eman zituen egoera ekonomiko zailean, noizbehinkako lan txikiak eginez bizirik irauteko. Hogeita hamarreko hamarkadaren erdian, karrera militarrari heldu zion, soldaduska erreserbako azpiofizial bezala egin eta hamar urte geroago. Apur bat lehenago, Gugliemo Sandri izen italiarra hartu zuen bere jatorrizkoaren ordez. Matxinatuei laguntzeko xedez Mussolinik Espainiara bidalitako Corpo Truppe Volontarien (CTV) erroldatu zen, eta 1937ko otsailetik 1939ko maiatzera bitartean Espainian egon zen, italiar armadaren ofizial bezala; urte horietan, milaka argazki pertsonal egin zituen. Bigarren Mundu Gerran larri zaurituta, gaixotasunagatik lizentziatu zuten 1949an. Urte askoan Bolognan bizi ondoren, Adige Garai/Hego Tirolera itzuli zen, Vipiteno/Sterzing herrira, eta bertan hil zen 1979an.
zuzendaritza@bakearenmuseoagernika.eus