ALDI BATERAKO ERAKUSKETA

ARTEAK BALA BAT GELDI DEZAKE? William Kellyren mural handia

2018-09-21 - 2019-07-08

Aurkezpena

‘Margo batek ezin dezake bala bat geldiarazi baina bai tiro bat ekidin.‘ William Kelly

 

‘Edertasuna, grazia eta maitasuna ezin ditzakegu aurkitu pistola baten kanoian ezta biolentziaren erdian ere. Edertasuna ez da erasoaren erdian topatzen ezta babes eske dabiltzan errefuxiatuen kontrako eraso edo oldarkeriaren erdian. Edertasuna, grazia eta maitasuna, amaren magalean dagoen ume baten irudiarekin hasten dira niretzat, maitasuna ondo ezagutzen duen umean, jolasean dabilen ume baten barre algaran.’

‘Politikoek militarismoa sustatzen duten bitartean, hurbileko herrialdeak erasotzen dituzten bitartean, egunero, antzinako hiri ederren suntsipena, soldadu (heroiak) eta zibilen (kalte kolateralak) heriotzak ikusten ditut komunikabideetan: gizonak, emakumeak, umeak eta jaioberriak. Bai, jaioberriak. Eta hau guzti hau erraz onartzen dugu, zenbaterainokoa da gure bihozgabekeria?’

‘Dena dela, gure egunerokotasunean ditugun horrore hauen erdian, bizitza-opariak eskaintzen dizkiguten pertsonak daude, pertsona bakezaleak, zubi eraikileak diren pertsonak, aldaketa bat eskatzen duten pertsonak. Biolentzia gure ahulezia dela ulertzen dugun momentuan, konturatuko gara maitasuna dela gure indarra.’

‘Artea ankerkeriaren menpe egon daiteke, Hirugarren Reich-eko artista dibinoetan, zenbait bideojokoei darien amaigabeko biolentzian eta Hollywood-eko zenbait filmetan edo gure buruari hitzegin diezaioke arteak. Picasso artista bakezalearen lanak, biolentziaren kontrako erreferentzia puntua dira, berak margoztutako ‘Guernica’k gerraren trajedia agerian jartzen digu eta itxaropenerako lore bat erakusten digu. Esan ohi da Nick Ut-en ‘Vietnam Napalm’ argazkiak Vietnam-eko gerra bukatzen lagundu zuela.’

‘Ez nago bakarrik, ez naiz bakarra. Nik batuko nukeen artisten taldean, honako hauek egongo lirateke: Kathe Kollwitz, Robert Indiana, Hermann Hesse, Charlie Chaplin edota Dixie Chicks-ak. Borrokalariak edo bakeraikileak? Jakin badakit noren alde nagoen eta noren alde dagoen nire artea.’

‘Arteak indarra du. Aipagarria den arteak ausardia eskatzen du. Pertsonen pentsamendua alda dezake. Arteak bala baten tiroa ekidin dezake.”

 

William Kelly

Orain dela urte batzuk, Gernikako Bakearen Museoak, Picassok bere ‘Guernica’ egiteko margoztutako bozetoak osatzen zuten erakusketa, erakusgai izan zuen. Erakusketa honek, Picassoren pentsamenduari buruzko eta arte lan hori egitera bultzatu zuten prozesuak erakutsi zizkigun. Orain, Kellyk Melbournen duen instalazio handia dokumentatzeko, ‘Peace or War/The Big Picture’ artelanaren kreazioa zelakoa izan zen adierazten duten hainbat bozeto eta marrazki erakusten dizkigu. 2017an 100.000 pertsona baino gehiagok bisitatu zuten.

Erakusketa honek Kellyren lana dokumentatzen du. Bere izenburua, ‘William Kelly’s Big Picture / Can Art Stop a Bullet?’, oraintxe grabatzen ari diren izen bereko pelikula bati zor dio.

William Kelly artista eta bakezalea da. Bere lana 20 herrialde baino gehiagotan erakutsia izan da eta kolekzio publiko askoren parte da; besteak beste, Nazio Batuak, Australiako Galeria Nazionala eta Gernika-Lumo. New York estatuko Buffalo hirian jaioa, Australian bizi da orain. Bere artelanek izan duten eragina dela eta, artista eta humanisten belaunaldi oso baten aholkulari izan da nazioarte mailan. Artista garaikideen artean bitxia izan da bere karrera, bere arte eta aktibismoagatik ezaguna izan delarik. Hiru kontinenteetan sariak edo aipuak jaso izan ditu, hala nola, ‘Australian Violence Prevention Award’, ‘Gernika-Lumoko Hiri aipua’ eta EEBB-ko Peace Abbeyk emandako ‘Courage of Conscience Award’. Gaur egun bere lanari buruzko dokumentala, ‘William Kelly’s Big Picture/Can art stop a bullet?’ deritzona, prestatzen ari dira eta 2019an aurkeztuko da.

‘Kellyk bake mugimenduari eskeini dio bere bizia eta bere artea. Gaur egun, arte australiarraren kontzientzia moralaren adierazletzat hartzen da. Talentu handiko marrazkilaria da eta batzutan bikaina, pertsona oso naturala…’

Sasha Grishin. Australiako Unibertsitate Nazionaleko irakaslea.

‘Oraintxe, hementxe bertan, gerra bake bihurtzen ez badugu baita biolentzia maitasuna ere, historian errepika daitezkeen zoritxarreko ondorioen berri ematen digu Kellyk.’

Dr. Rama Mani, Oxford Unibertsitatea.

Erlazionatutako argitalpena
Argitalpenak
Kontaktua

museoa@bakearenmuseoagernika.eus