ALDI BATERAKO ERAKUSKETA

Isilarazitako kartografiak. Errepresio frankistaren esparruak.

2011-02-25 - 2011-06-12

Aurkezpena

Erakusketa honetan, beraren autore Ana Teresa Ortegak lan baten emaitzak aurkezten dizkigu; bertan, beraren obrak berez dituen gaitasun eta indar artistikoaz gain, hainbat artxibotan egindako ikerketa sakon baten emaitza erakusten du, alegia, frankismoaren eskuetan zenbait hamarkadetan errepresio- eta espetxeratze-esparru bilakatu ziren espazio eta eraikinen aztarna grafikoak. Ikerketa horrek, gainera, argazki-irudiaren alderdi dokumentala azaleratzen du erakusketa honetan.

Oraindik ere hemen dagoen iragan baten denbora, desagertu nahi ez duen memoria baten iragana; absentzia mingarriak, oroitzapenean eta gertatu ziren espazioetan aztarna iraunkorrak utzi dituztenak. Hori guztia da autoreak erakusketa honetan jaso duena.

Gaur egun, hirurogeita hamar urte geroago, hau da kontzentrazio-esparru frankistak kokatzeko erabili ziren espazioek erakusten duten irudi lasaia. Leku isilak dira, bertan ezkutatu beharreko sekretu ikaragarririk ez balego bezala. Eta horrela izan liteke, nonbait, zeren izugarrikeria hura guztien begien aurrean gertatu baitzen, egunaren argitan eta minutuz minutu, hainbat egun, aste, hilabete eta urteetan luzatuz. Ez zen izan zerbait ikaragarriaren bat-bateko agerpena, gau sakonenaren ustekabeko aho batetik azaltzen dena, baizik eta biziaren eta heriotzaren gaineko administrazio-plan oso baten aplikazio geldoa.
1936ko udazkenean hasi ziren agertzen, Estatu-kolpea izan beharko zena ezinbestean Gerra Zibil bihurtu zela gero eta garbiago geratzen zen neurrian.

Era askotako esparruak egon ziren, eta ehunaka mila pertsona pasatu ziren haietatik. Ebakuazio-esparruak egon ziren, lazaretoak, sailkapen-guneak, “zalantzazko zaletzat” jotako presoentzako esparruak (erregimenaren alde modu garbian ez zeudenentzat) eta “erantzukizun kriminalik gabeko aurkari” bezala sailkatutako presoentzako esparruak, nazioarteko presoentzako eremuak, ezinduentzako esparruak, eta egon ere adingabeentzako esparru-proiektu bat egon zen; esaten da, gainera, kasu batzuetan “sarraski-esparruez” hitz egin behar dela.

Hori guztia ez da inola ere sekretua; aitzitik, bertan gertatutakoaren erregistroa zehatz-mehatz kontserbatzen da, milaka agiri administratibotan, artxibo edo biltegitan gordeta, sailkapenaren zain oraindik ere.

Eta isilik, horiek ere.

 

Bideoak
Argitalpenak
Kontaktua

zuzendaritza@bakearenmuseoagernika.eus