Ron English: Guernica berriro imajinatzen
Ron English
Ron English AEBko artista garaikide bat da, Decaturren (Illinois) jaioa, 1959an. Marken irudiak eta publizitatea ikertzen ditu, eta kolorea erabiltzeko duen moduagatik eta komiki-liburuen collageak egiteagatik da ezaguna. Ron English gaur egungo artista emankor eta ezagunenetako bat da. Haren irudi ahaztezinak mundu osoko kaleetan, museoetan, filmetan, liburuetan eta telebistan zabaldu dira. Englishek POPaganda terminoa asmatu zuen, goi-mailako eta behe-mailako mugarri kulturalak (superheroien mitologiatik hasi eta artearen historiako sinboloekin –hala nola Picassoren “Guernica”rekin– buka) nahasiz sortzen dituen lanak deskribatzeko.
English olio-pinturetan espezializatutako pintorea da. Arte Ederretako lizentzia eskuratu zuen Texaseko Iparraldeko Unibertsitatean, Dentonen. Texaseko Unibertsitatean Arte Ederretako masterra eskuratu ondoren, New Yorkera joan zen bizitzera. Aprendiz ibili zen zenbait artistarekin, eta poliki-poliki bere artelanak saltzen hasi zen. Haren estilo nagusiak ezaugarri hauek ditu: muturreko argazki-errealismoa, bigarren mailako koloreen erabilera deigarria eta pop irudien erabilera. Askoren ustez, bere belaunaldiko ordezkari iaioenetako bat da. Maiz lantzen du haurtzaroa helduen ikuspuntu zorrotzetik, eta maiz aztertzen ditu azaleko pop irudi arranditsuen esanahi ezkutuak. Halaber, Englishek irudi historikoak erabiltzen ditu, gai unibertsalak esploratzeko oinarri gisa. Maiz, irudiak hartzen ditu, hala nola Azken afaria, Gau izartsua eta Picassoren “Guernica”, eta berriz lantzen ditu. 2006an, Englishek Grade School “Guernica” (Lehen Hezkuntzako “Guernica”), Picassoren “Guernica” obraren bere bertsioetako bat, jarri zuen erakusgai Houstongo Arte Garaikideko Station Museoan. Margolan horretan, “Guernica”ko eszena irudikatzen da, haren haurrek antzeztua eta bonbaketariaren ikuspuntutik ikusia. Harrezkero, 100etik gora artelan ezberdin sortu ditu.
Guernica berriro imajinatzen
Niretzat, “Guernica” eredu moderno bat da, Madonna eta haurra antzinako eredu bat den modu berean. Artean, ugariak dira ereduak, artistak ikuspuntu bat sortzeko erabiltzen dituen geruzak; eredu horiek esperientzia kultural partekatu bat eratzen laguntzen dute. Artea berriaren kontzeptua –ikuspegi bakarraren eta jabetza intelektualaren ideia– baino askoz lehenago existitzen zen. Hortaz, “Guernica” ereduari errespetuz heltzen diot, badakit-eta zer esanahi eta garrantzi kultural duen. Gerra modernoaren behargabeko izugarritasun itzelaren sinbolo bisual bat da. Baina, nire ustez, “Guernica”ren ondorio kulturala, berez, aurkakoa da. Tragedia ulertezina komiki-istorio –hots, errazago uler dezakegun zerbait–bilakatzen du. . Giza prozesuaren parte da hori: gainditzen gaituzten emozio gordinen hurbiltasunetik urruntzea, gainetik narratiba bat jarriz, gure bizipenak sinplifikatzen dituena eta hiru dimentsiotatik 2 dimentsiotara garamatzana. Eta kontzeptu horrekin borrokatzen naiz “Guernica”ren nire bertsio guztietan.
“Guernica”ren 100 interpretazio baino gehiago egin ditut. Gerta daiteke pertsona desberdinak erabiltzea eta konposizioa zehaztasun handiagoz edo txikiagoz irudikatzea, baina beti ari naiz oinarrizko mezu beraren gainean inprobisatzen –aurreiritzi kulturalak gure narratiban tinko sartuta daudela da mezu hori–. Nire “Guernica”k mundu mailako kultura korporatiboaren produktu-kokapena nabarmentzen dute; izan ere, kultura korporatiboak gerra entretenimendu gisa erabiltzen du, eta entretenimendua gerra gisa.
Urteetan zehar, pertsonaia ugari sortu ditut. Pertsonaia horiek gero eta maizago erabiltzen ditut arketipo pertsonal gisa, istorioei ukitu bat emateko eta nire margolanak markatzeko. MC Supersized Ronald MacDonalden nire bertsioa da. Ronaldek itxura hori izango luke MacDonald’sek saltzen duen janaria jango balu. Mendebaldeko Budatzat hartzen dut; izan ere, gure erlijioa kontsumismoa da, eta bera neurriz gain asetako kontsumitzailea da. Nire Untxiak proletariotza adierazten du, tradizioz Joseph Beuysek eta beste hainbatek halatzat hartu izan baitituzte artean. Baina nirea untxi estralurtar bat da, hirugarren begi bat duena, baina, hala ere, urduria, ezinegona eta, azkenean, otso kosmikoen harrapakina dena. Nire cowgirlak erreakzio handiak eragiten ditu jendearengan; jendeari dibertigarria eta aztoragarri samarra iruditzen zaio. Nik Behien Hazkunde Hormonaren bozeramailetzat hartzen du, eta, haren bidez, janariaren eta sexuaren –oinarrizko janariaren eta ama-esnearen sexualizazioaren– arteko loturak ikertzen ditut.
Nire “Guernica”k hainbat ikuspuntutatik irudikatzea gustatzen zait. Horretarako, maketak eraikitzen ditut argiztatu eta hainbat angelutatik fotografiatu ditzakedan hiru dimentsioko modeloekin. Zirriborroak margolanen oinarri bilakatzen dira, eta argazki-saio bakar batekin zenbait margolan egiten ditut, figurak, osaera edo ikuspuntua aldatuz. Oraindik ez dut amaitu “Guernica” lantzeaz. Ez dut uste inoiz agortuko ditudanik margolan horren aukerak; izan ere, botere mugagabea du bisualki adierazteko galeraren, hondamendiaren, izugarrikeriaren eta garaipenaren konplexutasun bizia, bere narratiba itxuraz sinplifikatuaren bidez.
Ron English
- Ron Englishen webgune ofiziala
- Instagram: Ron English @ronenglishart
- Youtube: POPaganda TV
- Facebook: RonEnglishpresentspopaganda
- Twitter: Ron English, @ronenglishart
zuzendaritza@bakearenmuseoagernika.eus