Käthe Kollwitz: grabatuak eta eskulturak
1867an Königsbergen jaioa eta Alemaniako Inperioan hezia, Käthe Kollwitzek askatasunaren eta justiziaren aldeko konpromiso irmoa erakutsi zuen bere bizitza osoan, hala politika eta gizarte arloan nola pertsona moduan. Gizarteak ez zion eskaini artista bezala garatzeko pribilegioa, baina haren gurasoek lagundu egin zioten ahalegin horietan. Horri esker, Berlingo Emakume Artisten Eskolan ikasten hastea lortu zuen.
Kollwitzek ekarpen garrantzitsu eta nahastezina egin zion arte alemaniarrari, zeren jatorri burgesekoa izan arren modu egokian islatu baitzituen bai bere konpromiso sozialaren sentimendu sakona eta bai baldintza sozial penagarriak hobetzeko eskaria, indar eta barneratze-ahalmen handiko hizkuntza grafiko herrikoi guztiz propioa erabiliz: “inoiz ez nuen modu hotzean lan egin (…) aitzitik nolabait esateko, neure odolarekin egin nuen lan beti. Ikusten dutenek sentitu egin behar dute”. . Gaur egun ere sentitu egiten dugu. Alde horretatik, esan daiteke Käthe Kollwitzen lanek ez dutela inola ere gaurkotasunik galdu.
Guztira 68 litografia, xilografia eta akuaforte eta 5 eskultura biltzen dituen erakusketa honek Käthe Kollwitzen lanaren ikuspegi panoramiko bat eskaintzen du. Lan horrek –orokorrean hartuta—gizaki ahul, babesgabe eta zapalduentzako kantu bat da, eta, beraz, XX.mendeko epopeia sozialaren lekukotasun paregabea da.
zuzendaritza@bakearenmuseoagernika.eus