Joaneko txartela
Itsasontzi bat, bi mila errefuxiatutik gora. Historia bat.
Antonio Zabaleta errefuxiatuak, Ceciliaren aitona zenak, 19 urte zituen Txilen porturatu zenean, eta kontakizun pertsonalak eta aitonaren oroimenean arakatuz ateratakoak hartu ditu abiapuntu artistak, itsasaldi hartatik onik atera ziren beste pertsona batzuen bizipenak erakusteko eta agerian uzteko.
Horretarako, hizkuntza argi eta iradokitzailea erabili du adierazpidetzat, zenbait teknika oinarri hartuta: ilustrazioak, collageak eta lan akrilikoak, tartean epigrafeak, dokumental zatiak eta argazkiak sartuta.
Kritikak ezabatu dezala ene poesia guztia, nahi badu. Baina gaur gogoan dudan poema hau ezin izango du inork ezabatu.
Pablo Neruda, poeta
Hitz horiekin laburbildu zuen Pablo Neruda poeta txiletarrak berak abian jarri zuen balentria humanitario handienetako bat; izan ere, Winnipeg itsasontziaren bidaia antolatu zuen, Espainiako Gerra Zibila amaitu eta frankismotik ihesi zihoazen 2.200 errefuxiatu espainiar baino gehiago toki segurura eramateko.
Itsasontzia Frantziatik abiatu zen (Trompeloup-eko portutik) eta Valparason lehorreratu zen 1939ko irailaren 3an, Txilen, Ozeano Bareko kostaldean. Txilek eskuzabal hartu zituen lekualdatutako haiek, eta han beste bizitza bati ekin ahal izan zioten.
Cecilia Zabaleta ilustratzailea da eta Joaneko txartela erakusketaren egilea; Winnipeg itsasontzitik lehorreratu ziren errefuxiatuetako baten biloba ere bada. Hizkuntza bisual eta artistikoa baliatuz, oroimen migratzaile, lurgabetu eta iraunkor baten ibilguetan barrena nabigatzera eramango gaitu; gainera, darabilen hizkuntza horrek ezinbestean sustatzen du honako kontzeptu hauekiko lotura: migrazioa, deserrotzea, bilaketa, elkartasuna, erresilientzia, bizitzaren balioa eta bakerako grina ukaezina, bai iraganean eta bai orain.
museoa@bakearenmuseoagernika.eus