BAKEA JOSIZ: Gatazka, Arpillerak, Memoria
BAKEA JOSIZ: Gatazka, Arpillerak, Memoria izeneko erakusketa honetan ikusgai dauden arpillerak eta bestelako ehunezko lanak herrialde hauetan eginak dira: Ipar Irlanda, Ingalaterra, Espainia, Txile, Peru, Argentina, Zimbabwe, Alemania eta Kolonbia. Lan horien bidez, emakumeek gatazkak eta giza eskubideen aurkako urraketak ohikoak diren testuinguruetan izan dituzten bizipenak kontatu dituzte, etxeko materialak erabiliz: orratzak, haria eta oihal puskak.
Haien lanetan, ezagutzera ematen dituzte desagertzeak, exekuzio estrajudizialak, torturak eta beste hainbat biktimen esperientzia, gatazka aldian, erbestealdian edo atxiloaldi politikoan jasandakoak. Halaber, gatazken eta gerren ondoriozko beste bizipen batzuk ere irudikatuta daude, hala nola ahaide eta lagunen galera, erbestea, erresistentzia, salaketa, errefuxiatuen lekualdaketa eta bidegabekeria sozialeko ekintzak. Errealitate horren erdian, emakume horien adorea eta lan kolektiboa ageri dira, gizarte baketsuagoa eta demokratikoagoa eraikitzera bideratuak. “Ahots josi” horiek memoriarentzako eta justiziarentzako ekarpenak dira, zalantzarik gabe.
2008az geroztik, arpillerak munduko hainbat tokitan egon dira ikusgai: museoetan, unibertsitateetan, arte galerietan, enbaxadetan eta espazio komunitarioetan.
Erakusketa honen arduraduna Roberta Bacic izan da Breege Dohertyren laguntzaz eta Euskadiko hiru erakunderen lankidetzaren emaitza izan da: Gernikako Bakearen Museoa Fundazioa, Balmasedako La Encartada Fabrika- Museoa eta Donostiako Udala, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea, hain zuzen.
zuzendaritza@bakearenmuseoagernika.eus