ALDI BATERAKO ERAKUSKETA

Guatemala: guztiek jakin dezaten

2010-06-18 - 2010-10-12

Aurkezpena

Guztiek jakin dezaten erakusketak Guatemalako Daniel Hernández-Salazar argazkilariak hogei urtez baino gehiagoz egindako lana gogoratzen du, beraren sorkuntza artistikoaren zati nagusiari eusten dioten hiru zutabeak bilduta: gertaeren eta historiaren dokumentazioa, dokumentazio horri buruzko gogoeta sakona eta, horien ondorioz, bere ekintza politikoa eta bizitzari ematen dion erantzun existentziala.

Erakusketak argazki-kazetari gisa gauzatu duen lanaren erakusgarri batzuk biltzen ditu, eta baita espazio publikoetan izan dituen instalazioak/ekintzak ere; horiekin batera, introspekzioa eta gogoeta uztartzen dituen Eros+Thanatos seriea ere agertzen da.

Erakusketak gogoratzen digu justizia eta bakea konpondu gabeko arazoak direla oraindik ere Guatemalan; aldi berean, paralelismoak egiten ditu Guatemalako holokaustoaren eta munduko beste holokausto batzuen artean.

DANIEL HERNÁNDEZ-SALAZAR (Guatemala hiria, 1956)

Daniel Hernández-Salazar Guatemalako barnegerran hasi zuen argazki-kazetaritzako karrera, laurogeiko hamarkadan. Reuters, France-Press (AFP) eta Associated Press (AP) agentzien korrespontsala izan zen. Gaur egun, artista independente bezala aritzen da.

Berriki egin duen lanari buruzko bi antologia argitaratu dira: So that all shall know / Para que todos lo sepan (2007, Austin: University of Texas Press) eta Guatemala: Memoria de un ángel (2004, Tokio, Japonia: Kage Shobo Argitaletxea).

Bere herriko barne-gerran egindako basakeriak deskribatzen dituen Guatemala: Nunca más -“Guatemala, berriro inoiz ere ez”- txostenaren azalak ilustratzen dituzten aingeru ezagunen sortzailea da.

Erlazionatutako argitalpena
Argitalpenak
Kontaktua

zuzendaritza@bakearenmuseoagernika.eus