Wilhelm V. Humboldt eta Euskal Herria
1801eko apirilean eta maiatzean, orain dela 200 urte, W.v Humboldtek bisitatu gintuen, euskaldunon misterioa argitzera lagunduko zuen ikerketa bidaia batean. Gure ikertzailea Alexanderren anaia zen, naturalista ospetsua berau, Mariano de Urkijo euskaldunaren laguntzarekin mundu berrirako bidea eskuratuko zuena.
Erakusketa honek Wilhelm ekarri nahi digu gogora, Euskal Herriaren inguruan hainbesteko zaletasuna sortu zuela oroitzeko.
W.v Humboldtek esaten zuenez, munduaren pertzepzioa hizkuntzaren bidez egiten da batez ere. Bere ikerkuntzaren xede zientifikoa hizkuntzak eta izaera nazionalak konparatzea zen, beraien bizi-edukia ezagutzeko. Euskarari buruz egin zituen azterlan sakonei esker, Humboldt filologia moderno eta konparatuaren sortzaileetako bat izan zen. Halaber, bera izan zen euskara Europa erromantikoan zabaldu zuena, lanbidez hizkuntzalaria ez izan arren. Humboldtar nagusiaren biografiak hainbat alderdi erakusten dizkigu: politikari ezaguna, filosofiazale amorratua, hezkuntzaren erreformatzailea eta Berlingo unibertsitatearen sortzailea, baina, batez ere, humanista handia eta euskaldunon laguna.
zuzendaritza@bakearenmuseoagernika.eus